XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ezker abertzalea zertan den (IV)
Hau ez da krisis bat, agonia da.

Ezker abertzalearen krisisak aipatzea, kasi topiku bat bilakatu da.

Egunkaria zabaltzen duzu: ETAren krisisa, KASen krisisa, LAIAren krisisa eta erdibikuntza....

Aspaldi honetan ez duzu krisis konturik besterik entzuten.

Baina beldur naiz, gertatzen ari denari zinez legokiokeena, ez dela krisis izena.

Bai, lehenengo, badago krisis bat: ezker abertzalearen barruko krisisa.

Barruko diferentziak eta eztabaidak, pertsonalismoak eta zapokeriak, etab.

Ulertu ezin duzun krisis bat.

Ia ez baitakizu, non dauden korapiloak....

Miliak eta, poli-miliak elkartzera omen doaz aurki, honela irakurri zenuen behin: no tiene sentido que después de quedar ETA como organización armada del mismo tipo de los milis y con los mismos objetivos haya dos ramas. Por eso hemos entablado un proceso de convergencia cara a una reunificación de las dos ramas de ETA.

Zentzurik ez omen zuen....

EIA eta LAIA elkartzekotan omen dabiltzala, irakurri duzu prentsan.

Eta biharamunean mutikoak bezala ikusten dituzu elkarri harrika....

Atzo, borroka harmatua jarraitu behar zuela, esaten zizunak, borroka harmatua kondenatzen dizu gaur.

Atzo, legalitatean ibil zedin Alderdia, sortu behar zela, enpeinatu zirenenak, abstenzioa esijitzen ari dira gaur eta traidoretzat jo dituzte legalitatean parteartu dutenak.

Alderdi bat sortzen da, legeztatzeko eta legalitate aritzeko asmo guztiarekin; eta, gero, legezta ezin dezaten moduko paperak bidaltzen ditu apropos Madrila.

Besteak, hauteskundeak irabazi eta Parlamentura joan hahi du; baina Parlamentuan ez omen dago zer eginik.

Zertara joan, orduan? Besterik ez bada, Gorteetako alfronbretan ziztu egitera... Ez dago hauteskundeetara joaterik, Alderdi denak legeztatu arte"; gero, legeztapenok beti ere falta dira, baina goazen hauteskundeetara... Auskalo, hurrengo tiroak nondik irtengo dizun.

Linea bat ez da ikusten.

Jakina, eboluzioa, edo reboluzio, guzti horiek beren arrazoiak eta esplikazioak dituzte.

Baina esplikazioa jakiteko, Alderdi bakoitzaren tripak eta esteak, Alderdi arteko gorabehera pertsonalak eta animalak, ustekabeko ximista biraketaon arrazoi fisikoak eta metafisikoak, esploratu beharko dituzu.

Orduan, krisisa dago: krisisa dagoelako dabilkigu horrela ezker abertzalea.

Eta horrelaxe dabilelako, ibili, krisisa geroz eta larriagoan dabil.

Oiloa eta arrautza dira Krisisa, eta Krisisak berak sortzen duen krisisa.

Baina nik ez dut uste, ezker abertzaleak hau bere barruko krisisa soila duenik.

Beldur naiz, behintzat, ezker abertzalea momentu honetan bere lekua euskal gizartean jokatzen ari dela.

Eta galtzeko bidean.

Beraz, barrukoa baino gehiago, gizartean situazio berriari egokitzeko krisisa da kinka hau.

Agonia: arrainarentzat ura bezala, ezker abertzalearentzat hil ala bizizko trantze larria baita.

Bestela, ezkerrak bere eginkizuna faxixmopean bete zuela, esango da, eta gero, lekurik gabe, hil egin zela.

Situazio berriak hil egin zuela, profeta asko baita honelaxe mintzo.

Agonia hau da, batez ere, krisis hura zortzen duena.

Agonia hau zendatu behar lehenengo, krisis hura erremediatuko bada.

Joxe AZURMENDI.